(Liburua + CDa + DVDa) EDI NEREA.
Txalaparta ezkutuan izan da orain gutxi arte askorentzat, baina, gaur egun, euskal kulturan oso zabalduta dagoen musika eta soinu-tresna da. Urte gutxitan zehar, lau hamarkadetan, tradizio ezezaguna izatetik gure musika nortasunaren sinboloetako bat izatera pasa da, eta gazteak nahiz zaharrak harrapatu ditu, herrietakoak nahiz hirietakoak, tradizioaren kulturaren jarraitzaileak nahiz abangoardiarenak. XX. mendearen hasieran gure tradiziozko kulturaren azterketan aurrerapauso handiak eman ziren, eta musika herrikoiari buruz asko idatzi zen; hala ere, gutxi ikertu zen tresna edo ohitura den txalapartari buruz. Maiz, inguruko testuetan (sagardoari buruzko edo ezkontzei buruzko ikerketetan) topatzen da aipamenik txalapartaren gainean, baina gutxitan hartzen da musika-tresnatzat. Horrela, Aita Donostiaren Instrumentos populares del pueblo vasco (1952) lanean, toberak eta txalaparta zeharka baino ez dira aipatzen. Hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera aldaketa handia eman da txalapartaren erabilera eta zabalkundean, eta gure musikaren mugarri eta gure kultura-identitatearen ikur bilakatu da. Hala ere, arreta handitze hori gorabehera, txalapartari buruzko ikerketak oinarri izan ditu, baita gerora ere, fantasia eta espekulazioa, eta ez hainbeste txalapartaren benetako historiaren ikerketa zehatza.
Lan hau Juan Mari Beltranek egindako ikerketa eta dokumentazio jardun luze baten ondorioa da eta musika hori ahalik eta hobekien ezagutzeko oinarriak jartzea du helburu. Arreta berezia ematen die txalapartak azken berrogei urteetan egin duen ibilbideari eta izan duen eraldaketari, dela musikalki, dela sozialki, bai antzinako jotzeko eratan, bai joera berrietan. Irudi, partitura, argazki eta grabatu ugariz osatua dagoen argitalpena, gainera, argitalpen honetarako Juan Mari Beltranek, bere txalapartari taldekideen laguntzarekin, berariaz prestatutako CD batekin eta txalapartaren historia biltzen duen DVD batekin, non protagonista gorenetako batzuek beren lekukotza uzten baitute, osatzen da.
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa