Bixente Eizagirrek sortua da Talai-Berri txakolindegia.
Txakolingintzan tradizio handia duen familia bateko semea zenez, esperientzia luze oparoa zuen langintza horretan, jatorri izena lortzeko zereginari lotu zitzaionean.
Iniziatibaren aitzindari eta eragile nagusi izaki, sor-marken baldintza guztiak beteko zituen txakolindegi bat eraikitzeari ekin zion ‘Getariako Txakolina’ sor-marka lortu bezain laster (1989).
Halatan, harena izan zen lehendabiziko txakolindegia (1992) legearen eskakizunak bete zituena, chateau bati eta jatorri izenari dagozkion ezaugarri guztiak beteta. Eta bide beretik jarraitu du ordutik hona: bide berriak zabaltzen ahalegintzeaz batera, ‘Getariako Txakolina’ sor-markako batzordeko partaide da.
Historia
Eraikina zertarako zen eta zein ezaugarri behar zituen kontuan izanik, upategiak egiten esperientzia handia duten arkitekto bat eta lan talde bat kontratatu zituen Bixente Eizagirrek Zarauzko Talai-Mendiko maldetan txakolindegia egiteko.
Lanari eta produktuari aurrera egiteko modurik egokienean banatuak daude dolare, upategi, kalitate kontrol eta biltegiak; hain zuzen, lan egiteko modurik arrazionalenean eta kalitatearen irizpideak aintzat harturik eraikia dago txakolindegi osoa.
Txakolina egiteko ezaugarri teknikoei dagokienez, Talai-Berri aitzindaria izan zen teknikarik berrienak praktikan jartzeko orduan: airezko prentsa pneumatikoak, errefrigeratze xingolak daramatzaten upel herdoilezinak, hozberoaren kontrola...
Txakolindegiak badu, halaber, ondo hornitutako laborategi bat ere: prozedura ekoizleen jarraipena egiteko behar diren elementu guztiak daude bertan, eta horixe da, hain zuzen ere, Talai-Berri txakolindegiaren beste berezitasunetako bat.
Zarautzen
Txakolindegi berriaren hastapenetan, ehun urtetik gorako mahatsondoen aldamenean mahatsondo berriak aldatu ziren, bertako mahatsekin osatutako hektarea gehiago izateko. Ubide berriak egin ziren. Orientabide berria eman zitzaien, egutera bilatuz, orain ehun bat urte bertan egon baina hainbat arrazoirengatik desagertu egin ziren mahastiei. Tradizionalki, mahastiak itsasora begira eta mahatsaradi espainolaren sistema segituz aldatzen ziren, ustez orientabide eta sistema horiek zirelakoan hoberenak. Ez zuten, ordea, kontuan izaten Euskal Herrian urriagoa dela eguzkiaren eragina Espainian baino; euri tasa, berriz, Espainiako batez bestekoa baino dezente handiagoa. Horregatik, bada, mahasti berriak hegora begira aldatu ziren, hesola sare altuen sistema erabiliz. Baina orientabidea eta mahatsondoen garatze sistemak aldatu baldin badira ere, txakolina egiteko betidanik erabili izan diren mahatsondoak landatu ziren, hondarribi zuria eta hondarribi beltza, bi horiek egokitzen baitzaizkie ondoena ‘Getariako Txakolina’ sor-markako lurren bizi baldintzei. Halatan, bada: alde batetik, lurraren ezaugarriei, klimari eta mahatsari esker, eta, bestetik, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko orekari esker, ardo zuri gazte bat lortzen da, lehorra baina freskoa, lirain frutatsua baina iraunkorra, txinpartaduna baina ez apartsua.
(bilakaera)
Txakolindegi berria eraikitzerakoan hartutako erabakien artean, ekoizpen muga urteko ehun mila litrotan jartzea izan zen: kalitatezko ekoizpen bat lortzea zen helburua, ez hainbeste kantitateari begiratzea.
Txakolindegikoen filosofiaren arabera, giza faktoreak (gustuak, zaintzak, jarraipenak, gainean egoteak) garrantzi betea du prozesu osoan. Halatan, giza faktorea lan teknikoaren gainetik jartzea da helburu. Bertan lan egiten duen taldean, honako hauek hartzen dute parte: familiako hiru senidek (batek enpresa ikasketak egin ditu, eta beste biak enologoak dira), nekazaritzako ingeniari tekniko batek eta mahasti zaintzarako bi langilek.
Txakolindegiak ekoizpen apal batekin hasi zuen bere bidea (25.000 botila), baina ez soilik upeldegia berria zelako: txakolindegia sortzerakoan zuten helburuari eusteko, kalitatezko bermea eskainiko zuten mahatsondoak bakarrik ustiatu zituzten hasiera-hasieratik. Azken urteko ekoizpena (2006) 90.000 botilakoa izan da: hurbil dago, beraz, 1992. urtean erabakitako 100.000 botilen ustiapena.
Bitarte horretan, mahasti berriak aldatu dira txakolindegiaren inguruan, eta orain mahasti gehienak ekoizpen betean ari dira, eta bakan batzuk landaketaren bigarren eta hirugarren urtean daude.
Laster, landaketa guztia bete-betean ematen hasitakoan, upel guztietako txakolina Talai-Berriko mahatsekin egina izango da.
Talai-Berri
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa