Iraganaren ilunpe luzetik dator Remelluri etxaldea. Finkaren erdian badu nekropoli bat, X. mendean han herri bat izan zelako aztarna. Erramel konde arabarraren berri dakarkigu, Erramelluriren sortzailearena —Goi Erdi Aroko toponimoa—. Remelluri etxaldeak 150 hektarea hartzen ditu, eta hango inguruneak berebziko garrantzia du historia eta arte aldetik. Badu nekropoli bat, 300 hobiratze antropomorfo dituena; Remelluriko Goi Erdi Aroko herritarrei dagozkie.
Arabako Errioxako zatirik iparraldekoenean dago Toloñoko mendi tontorra; trantsizioko klima dute han, klima mediterranearraren eta atlantikoaren artekoa. Toloñoren magalean daude Valderemelluri, Granja eta Villaescusa haranak. Terraza mailakatuak dira, beherantz doazenak, Ebro alderantz. Haizeen eta izozteen babesean dago alde hori, eta hantxe daude Remelluriko Andre Mariaren finkako lurrak, kare buztinezko 154 hektarea, eta horietatik 105 dagozkio mahastiari. Mikroklima bikaina dute, eta isurialde ezin hobean dago, eguerdi aldera begira —eguzki inklinazioari dagokionez—. Lur saila hain bereizgarria izanik, nortasuna berezia du ardoak. Lurzoru pobreak dira, harritsuak; buztinezko geruzak dituzte, eta horiei esker diraute hain fresko eta heze. Horregatik guztiagatik, fin-fin eta modu orekatuan ontzen da fruta. Joera atlantikoko klima dutenez, prezipitazio ugari izaten dira, eta Errioxako sor-markaren esparruko gainerako lurraldeetan baino tenpertaura hotzagoak izaten dituzte batez beste. Gauez fresko eta egunez bero egiten dienez, baldintza ezin hobeak dituzte tempranillo mahatsaren ontze fenolikoa egokia izan dadin.
Tempranillo mahats mota darabilte gehienbat, bertako mahatsa izaki, eta kalitate handikoa. Oreka handiko ardoak ematen ditu, azidotasun doi-doia dutenak; horregatik oso egokiak dira zahartzeko. Graciano mahats mota ere berreskuratu dute —Vialar izenekoa iruzkintzean aipatua—. Toloño mendi magaleko mahats motatzat jotzen da, eta huraxe du habitat onena. Mahats sailak 30 urte ditu, batez beste, nahiz eta badiren prefiloxera mahats mota duten terrazak ere; Kontseilu Erregulatzailearen arabera, 1876koa da mahats sailik zaharrena. Finkaren iparraldera, 700 metro gora jota, mahats zurien sail bat landu dute, batetik, kanpoko barietateak erabilita: rousanne, marsanne, viognier, sauvignon, chardonnay; eta, bestetik, bertakoak: garnacho zuria, moskatela, malvasia. Mahats orpo anitz horiekin, bada, ardo zuri bikaina lortzen dute, eta nazioko zein nazioarteko adituek puntuaziorik gorena eman izan diote.
Labore ekologikoak modan jarri aurretik ere, Remelluri etxaldean uko egina zioten erabat herbizidak, ongarri mineralak, produktu sintetikoak eta abar erabiltzeari. Nekazaritza bateratu bat, ingurumenarekiko errespetu handia izanda; bere hartan eutsita eta ugalarazita heskaiak, mahats sailak, eta mahastiarekin batean ongi bizi diren zuhaitzak, hala nola arbendolondoak, mertxikak, pikuak eta, batik bat, olibondoak. Horiek, gainera, poliniziazioari bide ematen diote; loreei nektarra xurgatzen diete erleek Coupage edo nahastea Urtarrilean, behin hartzidura melolaktikoa egin eta gero —azido malikoa esne azido bihurtzea—, hondarrak hautatzen hasten dira. Dasta batzorde batek zehazten ditu ardoen ezaugarriak; bereizi egiten dituzte mahasti gazteetatik eratorritako ardoak, barriketan merkaturatzeko asmoz. Gure finkako mahatsik onenak erabilita egiten ditugu Remelluri ardoak: nortasun nabarmeneko ardoak dira, fruta zaporekoak, lurrin konplexu eta bizikoak, mea ukitua dutenak, eta beste hainbat lurrin baltsamikoren tankerakoak. Tanino dotoreak eta ñabardura handikoak dituzte, freskotasun sentipen atsegin halako batean bildutakoak. Ardo ahaltsuak dira, iraunkorrak, ahogozo orekatu eta luzea uzten dutenak.
Ataria
Upelak
Mahastiak
Lanean
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa