es | eu | cat
Euskal Herriko
kalitatezko produktuak,
ekoizlearen eskutik mundura
Saskian 0 produktu
0,00€
(BEZa barne)
Erosketa hasi
Ekoizleak > Larre-gain
Larre-gain
Ikusi  

Aurkezpena

Larre gain (Hernani)

Baserria Hernaniko Ereñotzu auzoan daukagu eta 1991 urteaz geroztik zabaldu dugu sagardotegia jendaurrera. Alabaina, sagardoa egiten aspaldidanik dihardugu, etxeko kontsumorako erabiltzen baikenuen lehenago.

Hasera batean baserriko ukuiluan tolarea egin genuen eta ondoren jantokia eraiki, helburutzat abeltzaintza jardueraren osagarri izan zedin sagardotegiaren jarduera. Denborarekin, ordea, jarduera berria nagusitu da.


Sagardotegia

Hernani (Gipuzkoa)

Ekoizpenari dagokionez, hasieratik ezarritako helburua betetzen ari gara: etxeko eta inguruko baserrietako sagarrarekin ekoitzitako sagardoa egitea, alegia. Batez beste, 45.000 litro ekoizten ditugu urtean. Sagardotegian, 140 lagunentzako lekua dugu. Txotx garaian —gure sagardotegia urtarriletik maiatzaren lehenengo igandera dago irekita—, afariak egunero ematen ditugu, eta bazkariak ostiraletik igandera. Igande gauean eta astelehenean itxi egiten dugu.


Sagardoa

Larre gain

Sagardoa egiteko, lehenik eta behin, sagastiak ondo zaintzen ditugu urte guztian. Irail-urri aldean, sagarrak bildu, garbitu eta eskuz txarrak baztertzen ditugu banan-banan. Segidan, dolarera sartu eta egunean hiru-lau aldiz moztu eta mugitzen dira, patsa behin eta berriz zapalduz. Hortik zuku gozoa ateratzen da. Sagardoak gorputza har dezan, upeletan hiru-lau hilabete inguru uzten dugu, eta txotx garaian osatuz joaten da. Denboraldia amaitzean, botilatu eta urte osoan saltzen dugu.


Zenbait aholku

sagardoaren gainean

Ohiturei jarraituz, sagardoa besoa luzatuta zerbitzatzen da edalontzira, gutxi gorabehera 20-30 zentimetrotik, kolpeak txinparta sor dezan. Gutxi bete behar da edalontzia, trago bakar batean edaten baita: horrela, gehiago gozatzen da sagardoaren zaporeaz.

Sagardoa urteko edozein sasoitan edan daiteke, eta zerbitzatzeko 10-12 graduko tenperatura izatea aholkatzen dugu.


Sagarrak biltzen

Udazkenean sagarrak biltzen hasten gara, ondoren, denak garbitu egiten ditugu.

  • Sagarrak garbitzen.jpg

    Garbitzen

Tolarea

Sagarrak garbitu ostean, txarrak bereiztu egiten ditugu eta tolarera bidali. Tolarean, behin eta berriz zapaldu eta mugitzen ditugu sagarrak, patsa atera arte. Lortzen dugun patsa hori, zuku gozoa, kupeletan sartzen dugu.

  • Tolarera.jpg

    Tolarera

bidera banaketa

EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa

Nor gara  |  Baldintza orokorrak  |  Web Mapa