Nor gara?
Aita Larramendi Ikastola 1963an sortu zen. Andoainen seme-alabei euskaraz irakastea nahi zutenen sendien lehen urratsak gogorrak izan ziren. Etxez-etxe, hainbat etxabe eta lokaletan barna ibili ziren bertako ikasle eta irakasleak. Hala ere, herriaren egitasmoa laster joan zen hedatzen. Ikasle kopurua igotzearekin batera bazkide kopurua ere handitzen joan zen.
Lokaletik lokalera, etxe eta etxabe asko ezagutzea egokitu zitzaien garai hartakoei. Azkenik, klandestinitatetik ateratzea lortu zuen 1973an, legeztatu eta elkarte izaera hartu zuen. Udalak, lehen aldiz, 1978an onartu zuen Ikastola herri interesei erantzuten dion elkarte moduan. Bere esku zeuden etxeazpi eta ondasunak utzi zizkion ondorengo ikasturteetan, nahiz eta premia guztiei erantzuteko nahikoak ez izan.
1990ean Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak Kilometroak jairako proposatzen du gure Ikastola, Urnietako Egape Ikastolaren laguntzarekin. Oroimenean gorderiko eurite eguna izan genuen urte hartako urriko lehen igande hura. Urte bateko lana ez zuen emaitza izugarria eman, udazken hartako egunik euritsuena suertatu baitzen. Lortutako diruaz Bazkardoko barrutian eskolaurreko gela berriak eraiki ziren, 1992ko abenduan inauguratu ziren ilusio handiz eta diru gutxiz eraikitako haur hezkuntzarako moduloak.
2003an egitura juridiko egokiagoa izango duen kooperatiba izaera hartu zuen, guraso zein langileen arteko konpromisoa areagotzeko asmoz. Herriko ikastola moduan sortua, beste ikastolek bezala, hainbat egoera eta une korapilatsu gainditu ditu urte hauetako ibilbidean. Egun, zalantza izpirik gabe, Andoain eta bere inguruan egindako lanaren emaitzak bistakoak direla esan genezake. Sorreratik harturiko konpromisoa betetzea izan da gure nahia, euskara eta euskal kulturan erreferente bihurtuz urte hauetan guztietan. Egun, Euskal Herriko Ikastolak (EHI) europear kooperatiba elkartearen kide gara,
Matrikulazioari dagokionez, urte oparoak bizi ditu Andoaingo Ikastolak. Azken urteetan, matrikulazio plazak %100ean bete dira; une honetan, Aita Larramendi Ikastolan guztira 571 familia eta 817 ikasle daude, honela banatuta:
_________
Helburuak:
Kilometroak jaiarekin Ikastolak lortu nahi dituen helburuak bat baino gehiago dira:
1: Inbertsio gastuei aurre egitea. Ikasleen matrikulazioak gora egin du eta 3. lerroari eusteko gela berriak eraiki behar ditugu. LH 3-6 eta DBH 1-4 mailetarako 3. lerroari erantzuteko 9 gela berri izango dituen eraikin berri bat egin behar dugu.
2: Herrian eta bailaran, Ikastola mugimenduaren erreferentzia indartzea, proiektua zabalduz eta ezagutaraziz.
3: Herritarrei ikastolarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko gertu sentitzeko aukera ematea.
4: Kilometroak festa herritarren parte hartzearekin egitea, bere sentitzea.
5: Euskara eta euskal kulturaren inguruko jarduerak biziberritzea, hezkuntza komunitatea osatzen duten taldeen partaidetza sustatuz.
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa