Euskal selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea
ESAIT (Euskal selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) nazionala, irekia, partehartzailea eta euskalduna da, eta bere helburu nagusia, nazioarteko txapelketetan aritzeko, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzea da.
Taldea, 1995ko udazkenean sortu zen. Geroztik Euskal Selekzioaren aldeko iritzia sortzen eta lantzen eman dugu era guztietako ekitaldiak antolatuz (hitzaldiak, jokoan jai-Euskal Selekzioren egunak, agerpen aldarrikatzaileak, ...). Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin, alderdiekin, federazioekin, kirol alkarteekin, kirolariekin eta gai honen inguruan ari diren talde eta plataformekin harremana landu dugu.
----------------------
Gure taldea irabazi asmorik gabeko entitate bat da eta gure izaera lau ataletan laburtu daiteke:
Euskal Herrikoa: Euskal herri osoko selekzioa da gure helburu eta horren aldeko apustu garbia egiten dugu, lurraldetasunaren ideia oinarrizkoa iruditzen zaigulako gure jardunetan. Beraz, gure taldeak bere burua Euskal Herriko herrialde guztietan antolatu nahi du, bakoitzaren erritmoak eta berezitasunak kontuan hartuz, Euskal Herria delako gure lan eragite eremua.
Irekia: Ez gara talde itxia, gardenak izan nahi dugu. Gure gogoetak, dinamikak eta proposamenak lan taldeetan eztabaidatzeko, jendearen parte hartzea oso interesgarria iruditzen zaigu, ideiaren aniztasunak aberastu eta indartu egiten duelako eztabaida bera. Eta horretarako gure taldeak, behar diren baliabideak eta funtzionamolde irizpideak ezarriko ditu.
Parte hartzailea: Aurreko puntuaren ildotik jarraituz, Euskal Selekzioaren alde dagoen edozein izan daiteke gure taldeko kide edo laguntzaile.
Euskalduna: Gure taldearen funtzionamoldea euskalduna da. Beraz gure idatzietan, bileretan, hitzaldietan, ekitaldietan, agerpen publikoetan, euskara izango da hizkuntza nagusia.
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa