1972an Elkar, Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria sortu zuten, Baionan, Ipar Euskal Herriko hogei euskaltzalek. 1974an, Hego Euskal Herriko beste hogei lagun batu zitzaizkien, eta, hala, 40 laguneko bazkide taldea osatu zen. Urte berean, Baionan, Zabal ireki zen, liburu denda eta banaketa-zerbitzu gisa. 1976an, Hegoaldean, Franco hildakoan, juridikoki eta enpresarialki ekitaldi berri batzuk abiatu ziren. Bilintx liburu denda sortu zen, Donostiako Parte Zaharrean. Banaketa-zerbitzu bat ere martxan jarri zen urte berean: Zabaltzen. 1977an eman zion hasiera Hegoaldean Elkar-ek argitaletxe izateari. Egitura hauen inguruan hasi zen gauzatzen gure kulturgintza: euskarazko kultur produktuak sortzeko, banatzeko eta saltzeko enpresa-sare bat osatu eta martxan jartzea, alegia.
1983an produkzioaren aldetik, Elkar diskoetxeak estudio propioak muntatu zituen Lasarten eta Elkar argitaletxeak, irakaskuntzaren premia larriak ikusita, buru belarri heldu zion ikasmaterialgintzari. Komertzializazioari begira, 80ko hamarkadaren lehen urteetan, Donostiako biltegi nagusiaz gain beste bi sortu ziren: bata Bilbon eta bestea Iruñean. Zabalkunderako egiturak sendotu ordukoxe jo zen liburu denden sarea hedatzera. Eta horrela, ondorengo urtetan liburu denda berriak ireki ziren Iruñea, Bilbo, Bergara, Tolosa eta Irunen. Desagertzear dagoen Donostiako Ramos liburu denda ere erosi eta irekita mantendu zen.
1992an inauguratu zen Igarako egoitza berria. Etxe honetan zentralizatu ziren produkzioa eta banaketa, hau da, Elkar argitaletxea eta diskoetxea, Zabaltzen banatzailea eta cash-zerbitzua. Elkar diskoetxeak estudio modernoak jarri zituen bertan, produkzio propiorako eta euskal taldeei azpiegitura eskaintzeko. Lehen urte hauetan ere, Bilboko Herriak eta Iruñeko Xalem liburu dendak bere gain hartu zituen, eta Baionan Mattin liburu denda berria ireki zen. Gasteizen Arriaga liburu denda eta paper denda sortu ziren. Sare komertzialaren inplantazioa Madrid, Barcelona eta Valenciara ere zabaldu zen azken aldi honetan. 1996an, hamarkada honetako, eta 25 urteotako historia osoko urratsik garrantzizkoena, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioarena izan zen. Fundazio honek enpresen ondasun guztiak bere baitan biltzen ditu. Urtebete beranduago, euskal kulturaren bilgune izan nahi duen Martin Ugalde Kultur Parkea eraiki asmoz, Zabaltzen, Egunkaria eta Graficas Lizarrak Buruntzape S.L. sortu zuten.
2000an Baionan Mattin megadenda inauguratu zen eta Elkarlanean argitaletxea eta banaketa abian jarri ziren. Gasteizen, EHUn Arriaga Campus liburu denda ireki zen. Egukariarekin batera, Plazagunea enpresa abian jarri zen zerbitzu informatikoak eskaintzeko eta Andoiango Martin Ugalde Kultur Parkean, Abarka enpresa sortu zen eskaintza bereziak eta azokak antolatzeko. 2005ean, udazken aldera, irudi korporatiboaren aldaketekin amaitu eta “elkar” izena hartu zuten bai Fundazioak, bai banaketa zerbitzuek, bai Euskal Herriko liburu denda guztiek. Liburu denda berriak Bilboko Zazpikalen (2005), Arrasaten (2006) eta Hernanin (2008). Beste zenbait erakunderekin parte hartzen du hainbat proiektutan: Hamaika Telebista, Euskal Unibertsitatea Sortzeko Fundazioa, Leitzaran inprimategia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua...
Liburu denda
Liburu denda
Baiona
Poza
Grabaketa estudioa
EUSKAL EDITOREA SL www.euskalherrikoplaza.com - Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Gipuzkoa